XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Baloika aritu hintzen atzo frontoian? -Mikel-txori.

Anaia Garaziren kontrakoa da. Ezagutzen ez dituenei ez die inoiz solasik ematen. Baina orduan bai, bere ahotsa ozen entzunarazi zuen:

- Hemezortzi eta hamabi irabazi genuen.

Gizona irri-ajataka hasi zen, eta gogoko izan nuen gizonaren irria. Kutsagarria zen.

Garazik eta biok ere halaberean egin genuen. Mikeltxo, berriz, pixka bat ahalketurik zegoen, lotsaturik.

- Eta bazen Asier delako bat hire taldean?

Mutikoaren erantzuna arestian baino gehiago luzatu zen.

- Bai. Hiru gol sartu zituen, nik adina.

Gizonak ez zuen bere harrotasuna gorde.

- Bada, iloba diat Asier delako hori.

Agureak Demetrio zuen izena, eta zinez gizon atsegina iduritu zitzaidan egun horretan.

Mintzatzeko gogoa zuen, nonbait, luze aritu baitzitzaigun honetaz edo hartaz.

Guri interesatzen zitzaigunaz ere, azkenean.

- Atzo ez nizuen Joanabeltzeneko istorioa kontatu nahi izan azaldu zuen, zigarro bat pizten zuen bitartean, ez zintuztedalako alferrik izutu nahi.